Udari oda bi

Existitzen al da oraindik bukatu ez den sasoiaren nostalgia?
Uda bukatzear dago, eta gonbidatuko dugu bere letargia.


Azken solstizioak ezarri zuenetik konpasa,
udaren bi aldeak aritu dira, alaia eta basa.


Alde batetik, oihuak soinu banda bihurtu ziren:
“Justizia! Nahel!”, Pariseko periferian; eta “Tunisia! Sahel!”, Aita Mari itsasontzian. 


Klima migranteek hartu dituzte azalak eta barkoak,
baina urgentzia oraindik ez, neurriak biharkoak. 


Bitartean, irlak jopuntuan: Korfu, Rodas, Hawaii...,
oporretan, kiskalketak ez dezan jarrai. 


Eta sutan jarri gaituena: boto-ontziak arma bihurtuz,
Espainian zein Ekuadorren, adi eta kontuz. 


Ustelkeriak irabazi omen du, leialtasunak, hori bai, galdu.

Alabaina, begi keinu batzuekin gu pozarren:
Nigerren itxaropena piztu dute,
kolonialismotik ihes eraikiz arkupe. 


Emakumeak zelai itxietan ikusgai,
egiaztatu gabe aspaldi bazirela gai. 


Eta gu, pantailaren bertze aldera,
zinema aretoetara arima freskatzera. 


Derrepentean, Prousten madalenak ugaltzen dira:
fruta zati bat, kantu bat, hondartzaren ura dirdira. 

Eta kostaldean, margotu dizute urdin eskala,
aurikularrik gabe aditzen da olatuen hots musikala. 


Harea pikor guztiek nahi dute izan kresala,
goxo ferekatzeko zure dortsala. 


Urte osoko irakurri gabeko orrialdeak,
eta postal gaineko hitzak mapak eta herrialdeak. 


Eta denbora hartu dugu denboran pentsatu gabe,
bagenekielako une hauek zirela klabe.


Udan, arrazoiak bizirik mantentzen du manikeismoa,
baina yin eta yang arteko talka konpontzea ez da nire asmoa. 


Oda makabroa edo goxoa: ortzi-mugarik gabeko itsasoa.


«Udaberriak gereziondoekin egiten duena zurekin egin nahi dut» idatzi zuen Nerudak.
Poetari kasu eginen diot: munduarekin akaso ez, baina errepikatuko nuke nirekin egin zuena udak.

Commentaires

Articles les plus consultés